“Surfrider España” elkarteak “Gure itsasoak, denon ardura” topaketara gonbidatzen zaitu bihar arratsaldeko 19:45tan Pukas dendan*. “KOSTAZAINA NAIZ, NOLA BABES DEZAKET ITSASERTZA?” egitasmoaren hirugarren hitzordua da hau. Egitasmoak itsasertzaren kudeaketan gizartearen partehartzea sustatzea dauka helburu.
Topaketa honetan, ozeanoak jasaten dituen mehatxuak gertutik ezagutzen dituzten pertsonen lekukotasunak entzungo ditugu. Surf komunitateko ordezkariek, Sancho Rodríguez-ek (Surfilmfestibal) edota Alejandra de Miota-k (Mundaka Surf Taldea), baita Unai Basurko bezalako nabigazio eremuko profesionalek euren bizipenak aurkeztuko dizkigute, eta gure “olatuak” babesteko burutu dituzten proiektuak azalduko dizkigute. Malibuko olatua eta bere garrantzia Surfrider elkartearen sorreran, kulturaren balio erantsia, Mundakako Surf Erreserba, nabigazioa eta ingurumen hezkuntza izango dira besteak beste aipagai. Ekimen hau “Itsasfest” jaialdiaren barruan sartzen da eta Donostia 2016 Fundazioaren babesa dauka.